URDIN TXIKI ETA HORI TXIKI
IDAZLEA:Leo Lionniri
ARGITALETXEA: Kalandraka-Pamiela Gaurkoan Leo Lionniriren lan eder hau gogoratuko dugu. Gizurra badirudi ere, Urdin Txiki eta Hori Txiki liburuak, 60 urtetik gora ditu. Izan ere, Leo Lionnik 1959 urtean idatzi zuen. Garai guztietarako balio duen liburu magiko horietako bat da hau.
Ipuin honetako protagonistak bi puntu dira. Hobeto esanda, bi lagun min. Bi lagun hauek bizilagunak dira eta asko jolasten dute elkarrekin.
Egun baten, Urdin Txikiaren ama erosketak egitera joango da eta etxean geratzeko esaten dio. Baina hau, amaren esanari kasurik egin gabe, Hori Txikiaren bila irtengo da. Hori Txikia etxean ez dagonez, alde batean eta bestean begiratuko du harik eta bat batean aurkitzen duen arte. Hainbestekoa izan zen poza non besarkatu egin zirela. Hain fuerte besarkatu ziren, puntu horiak eta puntu urdinak puntu berde bakar bat osatu zutela. Hor hasiko da puntuen eta koloreen arteko abentura.
Liburu honek lanketa bikaina egiten du. Alde batetik, gizaki sozialak izanik, besteen beharra daukagula eta harremantzen garen bakoitzean besteengandik pixka bat xurgatzen dugula azaltzen digu. Bestalde, bakoitzak bere identidadea duela eta nahiz eta besteen eragina eduki, norbera bere esentzian mantentzearen garrantzia ere azpimarratzen digu. Horretaz guztian gain, laguntasuna eta gurasoen babesaren garrantzia ere aipatzen ditu.
Haurren irudimena lantzeko bikaina da liburu hau. Izan ere, ipuina puntu batean oinarrituta kontatzean, haur bakoitzak bere irudia sortuko du. Polita da ikustea nola hain gutxirekin hainbeste gauza esan daitezkeen.
Gainera, koloreen nahasketekin jolasteko ere balio dezake. Haurrei koloreak nahasteko, hipotesiak egiteko eta emaitzak ikusteko aukera paregabea eskaintzen die. Proposamena: Haur bakoitzak margotu dezala esku bat kolore batekin. Elkartu bi eskuak eta ikusi zer gertatzen den.