2020/02/14

2020ko OTSAILA


Arturo eta Klementina


IDAZLEA: Adela TurĂ­n
IRUDIAK: Nelia Bosna
ARGITALETXEA: Pamiela, Kalandraka
 
Gaur, otsailak 14, Valentin deunaren eguna da, maiteminduen eguna omen dena. Batzuentzat, bikotearekiko duzun maitasuna adierazteko eguna. Beste batzuentzat berriz, sistema kontsumista honen aberasgarri. Baina gaurko sarrera honetan ez dut horri buruz hitz egin nahi. Bakoitzak bere iritzia izan eta esan dezala.

Gaurkoan, maitasuna zer den (edo zer ez den) hausnartzera bultzatzen gaituen haur literaturako liburu bat ekartzea pentsatu dut. Arturo eta Klementina. 

Arturo eta Klementinak, gizarte honentzat ideala den dortoka bikote bat osatzen dute. Bapateko maitasuna, amets eta proiektu zoragarriak irudikatzen dituen bikotea dira. Klementina guztiz maiteminduta dago. Maiteminduta. Euskarak garbi deskribitzen du Klementinak bizi duena, maite-mina. 

Arturo eta KlementinaKlementina denborarekin preso sentitzen hasten da bere bizitzan. Bat batean, ez du Arturorekin irudikatu zuen bizitza hura.

Arturo kontziente da Klementina ez dela zoriontsu eta ustez zoriontasuna emango dioten opariak egiten hasten da. Baina Klemetinak ez du objektu horietan zoriontasuna bilatzen, ez da berak behar duena. Klementinak, askatasuna behar du.

Ipuin ederra izateaz gain hausnarketarako bidea zabaltzen duen ipuina da Arturo eta Klementina. Ze irudi dugu bikote batek izan beharko lukeen harremanari buruz? Ze irudi saldu nahi digute? Ze harreman mota aurkitzen ditugu haur/gazte literaturan?

Liburu honek duen edukiagatik 5 urtetik gorako haurrei zuzenduta dagoela esango nuke. Hare gehiago, Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloan irakurtzea oso gomendagarria izan daitekeela iruditzen zait. Behar bada formatua haur txikiagoentzakoa da baina edukiaren aldetik sozializazio garai potente baten dauden gazteek irakurtzea oso gomendagarria dela iruditzen zait. Nik uste dut, eskoletan derrigorrezkoa izan beharko litzatekeen liburu hau irakurtzea.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina