2020/06/24

Hilabete Bat, Mahai Jolas Bat

Gure etxeko txikien udako oporrak heldu dira. Ez da ikasturte erreza izan, ez gurasoentzat, ez irakasleentzat eta are gutxiago haur eta gazteentzat. Oso arraroa izan da ikasturtea eta oporrak ere ez ditugula normaltasunez biziko aurreikusten da.

Orain, oporretan daudela eta denbora gehiago dutela kontuan hartuta, liburu dibertigarri zein entretenigarriak deskubritzeko momentu bikaina da. Ez ahaztu liburuak lurralde eta abentura desberdinetara bidaiatzeko balio dutela. 

Baina jolastea haurren eskubidea delako, jolas libreaz gain, mahai jolasak eskura izatea ere interesgarri da. Mota desberdinetako mahai jolasak daude: bakarka jolastekoak, binaka, taldeka, matematika/idazketa eta irakurketa/ memoria/ kontzentrazioa/ azkartasuna/ ... lantzen laguntzen dutenak, lehiakortasuna bultzatzen dutenak, kooperatiboak, ...


Hau guztia dela eta, uda honetan "hilabete bat, mahai jolas bat" izenburua duen atal berri bat sortuko dut. Bertan, ekainetik hasi eta irailerarte, hilean behin mahai jolas baten proposamena azalduko dut. Baina ez edozein mahai jolas, mahai jolas kooperatiboak baizik.

Normalean lehiakortasuna sustatzen duten jolasak aurkitzen ditugu non nahi. Hau da, norbera "irabazlea" izatea helburutzat duten jolasak. Baina "irabazlea" baldin badago, "galtzailea" ere badago. Galtzen ikasi behar dugula esaten da baina ez da batere erraza, are gutxiago gure haurrentzat. Beraz, jolas kooperatiboak erabiltzea aukera bikaina da. Jolas hauetan, talde guztiak irabazi eta galtzen du eta bakarrik galtzea edo irabaztea baino hobea da.

Goazen denok jolastera!!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina